Politika publikoen ebaluazioari buruzko zehaztasun ezaren arriskuak

Politika publikoen ebaluazioari buruzko zehaztasun ezaren arriskuak

80ko hamarkadaren amaieran, programa baten ondorioak ezagutzeko ebaluazioa egiteko eta, horretatik abiatuta, balizko hobetze-alderdiak bilatzeko beharraz hitz egiten hasi ginen gure autonomia-erkidegoan. König-ek (1989) Estatuaren programen ebaluazioari buruzko artikulu batean landu zuen gai hori, hurrengoak argitzeko asmoz: Zein dira arazo baten analisiaren emaitzak eta zein dira horren kausak? Zer faktore alda daitezke? Aplikagarritasun komuneko zer metodorekin lor daiteke helburuak osorik edo partzialki, baina arrazoizko mailan, lortzea? Zein dira jarduteko tresnarik egokienak, herritarrengan eta ekonomian eragiten duten ahalegina eta karga eta aurrekontu publikoen eraginkortasuna, kostua eta gastua kontuan hartuz eta arauetan duten eragina, albo-ondorioak eta hartzaileek eta aplikatzaileek ulertzen eta onartzen dutena aintzat hartuz?

Hogeita hamar urte igaro dira eta ebaluazioak bere bidea egin du Euskadiko herri-administrazioen kulturan eta jardunean, baina oraindik ez da etengabeko hobekuntzako elementu gisa sistematikoki erabiltzen. Ebaluazioa kudeaketa publikoaren zerbitzurako tresna gisa ez erabiltzearen arrazoien artean aipatzekoa da ebaluazioaren kontzeptua bera zehatza ez izatea. Hori dela-eta, funtsezkoa da ebaluazioarekin lotutako gaizki ulertuak argitzea, kudeatzaile eta arduradun politikoen artean errezelorik ez pizteko eta, are gehiago, haien babesa eta bultzada jasotzeko.

Shaw-ek (2003) La evaluación cualitativa lanean azaldu zuen bezala, ebaluazioak ez du helburu bakarra edo, beste era batera esanda, ebaluazio terminoak, zentzu zabalean, askotariko adierak ditu: erantzukizuna, administrazioak gauzatutako jardueraren kontuak ematea, gardentasuna, kontrola, errendimendua, politiken egokitasuna, erabakiak hobetzeko tresna, erreminta operatiboak eta baliabideak esleitzea. Azken zentzu horrekin izango du ebaluazioak erabilgarritasun eta operatibitate handienak, eta jasoko ditu eragozpen gutxiago eta onarpen handiagoa.

Hala, ebaluazioaren helburua ez da politika publikoen egokitasuna eta haiek kudeatzeko moduak balioztatzea, baizik eta beharrezko analisi bat egitea, beste politika publiko batzuk formulatzeko, erabakitzeko eta kudeatzeko. Kudeaketa publikoa hobetzeko tresna gisa planteatuz gero, ez luke errezelorik sortu behar.

Halaber, argi geratu behar du programen ebaluazioaren eta erantzukizun politikoa gauzatzearen edo kontuak ematearen arteko aldeak. Har dezagun parlamentua adibide gisa. Dentek (1991) «El análisis de las políticas públicas en la práctica: El control de gestión en las administraciones regionales» artikuluan azaldu zuen bezala, parlamentuak exekutiboaren jarduera kontrolatzeko bere tresnak izanda ere, baliteke exekutiboaren ebaluazio-lanak interesez jarraitzea.

Politiken kudeatzaileek pilotatu arren, objektibotasun- eta sinesgarritasun-arrazoiengatik eta arrazoi praktikoengatik, egokiena dirudi ebaluazioak mistoak izatea (kanpoko ebaluazio-taldeekin lankidetzan) eta politikarekin edo programarekin zerikusia izan duten askotariko eragileek parte hartzea (talde objektiboak, azken onuradunak, hirugarrenak).

Era berean, ebaluazioaren munduan, neurketen, fidagarritasunaren, baliozkotasunaren eta metodologia kuantitatiboaren berezko beste interes batzuen gaineko interesa da nagusi. Faktore horiek beharrezkoak dira, zalantzarik gabe, baina alde batera uzten dituzte askotan beste alderdi batzuk, kualitatiboak kasu. Labur esanda, ebaluazio bakoitzaren erronkek eta mugek ezarri beharko dute metodologien arteko oreka. Shaw-ek (2003) esan zuenez, ebaluazio-metodologiak ez dute metodoek bereizten, erantzun nahi diren galderek eta sustatzen diren balioek baizik.

Bestalde, ebaluazioek gastua eragiten dute, landa-lanek bezala, eta haien kostua programen aurrekontuetan jaso beharko lirateke. Programa baten ebaluazioa aurrekontuan jasotzen ez bada, hartaz arduratzen diren kudeatzaileen asmo onaren (gogoak, denbora, prestakuntza) esku geratuko da ebaluazioa gauzatzea edo baliabideak bilatzea.

Era berean, ebaluatzeko lanari jarraipena emateko lagungarria izango litzateke programak sortzeko araudian ebaluatzeko beharra jasotzea (Sunset Legislation), sistematikoki egiten den arte behintzat.

Horregatik guztiagatik, ebaluatzeko kultura gehiago zabaltzeko beharra dago. Horretarako, herri-ekintza hobetzeko ekar ditzakeen abantailak jakinarazi behar dira, baita ebaluazio ezak politika eta programa politikoetan eragiten dituen kostuak ere, eta ez ekonomikoak soilik.

Categories: Firmas invitadas @eu

About Author

Jaione Mondragon

Profesora Titular de Ciencia Política y de la Administración en la Universidad del País Vasco. Especialista en políticas públicas.

Write a Comment

Your e-mail address will not be published.
Required fields are marked*