Izan ere, eszeptikoa naiz Aurrerabideren inguruan

Izan ere, eszeptikoa naiz Aurrerabideren inguruan

Aurrerabideri buruz zerbait idazteko eskatuko balidate, eszeptizismoaz idatziko nuke lehendabizi. “Izan ere, eszeptikoa naiz Aurrerabideren inguruan” esaldia baita gehien entzun dudana Egiten Ikasi Prestakuntzan bideratzaile aritu naizen bitartean.

Eszeptizismoz gainezka dagoen eremu emozional batean, bada aukerarik igeri egiteko eta norabait iristeko?

Ez du ezertarako balio nik zuri esateak Eusko Jaurlaritzak Aurrerabide programa onartu zuela urriaren 14an, eta programa horren bidez, Kudeaketa Publiko Aurreratuko Eredu bat proposatzen duela, bai eta Egiten Ikasi proiektua ere (oinarrizko prestakuntza eta akonpainamendurako proiektua).

Ez du ezertarako balio, halaber, esaten badizut Aurrerabide tresna indartsu eta baliozko bat dela EAEko Administrazio Publikoko langileentzat.

Ez du ezertarako balio, ondo baitakit emozio kolektiboek finkatzen dutela zer egin daitekeen eta zer ez. Eremu emozionalak utziko dizu (edo ez) nahi dituzun emaitzak ikusten. Lantaldeetan agertzen den emozio bakoitzak esaten dizu zer behar duzun, autoko aginte-paneleko seinale-argia gasolina-faltaz ohartarazteko pizten denean bezala. Emozio hori ez aditzeak, argitxoari kasu ez egiteak bezala, ondorioak ekarriko ditu. Emozio bakoitzak zergati bat dauka, eta zertarako bat.

Hala ere, oro har dagoen eszeptizismoa ikusita, trikuarena egingo dut: Eszeptikoa zara edozeren aurrean, une oro eta betidanik? Eszeptizismoa bizitzaren alderdi guztietarako darabilzu, ala Aurrerabiderako soilik? Zure zuzendaritzako kide guztiak dira eszeptiko, ala bada norbait ez dena?

Eszeptiko noiz, non eta zertan garen galdera sendoa izan daiteke hausnarketarako. Ba al da inor eszeptikorik, bere zentzuekin ere erabat fidatzen ez dena eta bere eszeptizismoaz ere zalantza egiten duena? Guztiarekin bazara eszeptiko, halaxe behar zenuke zeure eszeptizismoarekin ere.

Batzuentzat, eszeptikoak ideia berriak errotik baztertzen dituztenak dira; beste batzuentzat, berriz, “eszeptikoak” “marmartiak” dira, status quo-ari desafioa egiten dion baieztapen oro onartzeko uzkur direnak. Eta 12. gelan, pertsona batzuk eszeptikoez mintzo dira: eszeptiko batzuk salbatu edo berreskuratu egin omen daitezke; beste batzuk, berriz, galgarriak eta sabotatzaileak omen.

Salba daitekeen eszeptiko bat izan liteke esaten zaion guztia edo burura datorkion lehenengo gauza onartzen ez duena, eta guztia zalantzan jartzen duena. Datu berri bat bada, datu hori nola lortu den begiratzen du eszeptikoak; prozedura berri bat bada, eraginkorra ote den berrikusten du; jokatzeko arau bat bada, probatu egiten du bai zenbateraino den konplexua, bai zer ondorio sortzen diren arau hori betez gero, … etab.

Aldiz, eszeptiko galgarri bat izan liteke irmo atxikitzen dena jarauntsitako jakintza hutsezintzat jotzen duenarekin, eta beste era bateko etorkizun baterako aukera oro baztertzen duena, dena bizi izan duelako. Eszeptizismoaren eremuan bizitzeak emozioak kutsa ditzake zure ingurunean —etsipena, apatia eta motibaziorik eza—, eta energia xahutu dezake.

Oraindik ere eszeptiko bagara, galdera hauek ere egin diezazkiokegu geure buruari: Nondik datorkigu eszeptizismo hori?

Urtetan bizitako esperientziek markatu egin gaituzte. Ikusi dugun guztiak markatzen gaitu. Uneren batean huts egin digu erakundeak, egiturak, norbaitek?

Baliteke zure espektatibak gehiegizkoak izatea edo egokiak ez izatea. Beharbada, beharrezkoa da onartzea badirela gauza batzuk aldatu ezinezkoak, eta badirela beste batzuk, aldatu egin ditzakegunak. Iragana da aldatu ezin dugun gauza horietako bat; gure esku dago, ordea, bide berri bati ekitea, bestelako etorkizun baterantz.

Beharbada, dagoeneko ez dugu konfiantzarik beste batzuek gauzak alda ditzaten, … ala, dagoeneko ez dugu sinesten guk gauzak alda ditzakegunik? Baliteke nagi izatea erosotasuna uzteko eta urtetan lan egiteko modua aldatzeko, erosotasun hori, egiazki, deserosotasuna bada ere; baina horixe ezagutzen dugu, gustukoa izan ez arren.

Nire ustez, eszeptiko den batek nahikoa frogatua dagoen guztia sinetsiko du (nahiz eta batzuek besteek baino froga gutxiago edo gehiago behar dituzten). Izan ere, eszeptikoak gertakari objektiboak bilatzen ditu, eta ebidentzia sinesgarriak ikusi behar ditu, sinetsiko badu. Horregatik saiatzen naiz azaltzen zergatik sortu den eta zertarako den Aurrerabide. Aspertu arte errepikatuko dut Aurrerabide paregabeko aukera dela gauzak hobeto egiteko, zuzendaritzako kide guztien laguntzarekin. Berariaz sortutako kudeaketa-eredua dela, gure administrazioaren ezaugarrietara egokitua, formari garrantzia kentzen diona, eta hobetzeari gehitzen diona. Egiteko modu bera eta talde-lana bilatzen duela zerbitzu guztietarako. Dinamikoa dela, eta aldaketak egin dakizkiokeela une oro.

Horregatik ahalegintzen naiz frogatzen nola beste zuzendaritza eta lantalde batzuek aurrera egin duten ekintzak zehatzak eginez: kudeaketa-planetan plangintza zehaztuz; zerbitzu-katalogoa eginez, hartzaileen beharren eta espektatiben gainean hausnarketa egin ondoren; giltzarri diren prozesuak zehaztuz eta modu errazean dokumentatuz; barne informazio-komunikaziorako plan bat eginez edo langile berriak hartzeko plan bat eginez, eta abar.

Ordea, ez da nahikoa, antza. Berriz ere egiaztatu dut indartsuagoa dela “sinesten ez badut, ez dut ikusten” ideia, “ikusten ez badut, ez dut sinesten” ideia baino. Kudeaketa aldatzea antolakunde baten kultura aldatzea da. Eta aldaketa hori gauzatuta ikusteko, egitea ez da aski; egiteko baliatzen ditugun sinesmenak eta emozioak aldatzea ere beharrezkoa da. Zuzen zabiltza nola ahal duzula hala ezin duzula sinesten baduzu; behin eta berriz betetzen da. Beraz, Egiten Ikasi prestakuntzari heltzerakoan baliatzen ditugun sinesmenak zalantzan jartzea izan liteke lehenengo urratsa.

Eszeptizismoak zertarako bat du. Emozio guztiak bezala, naturaren opari bat da, bere egitekoa duena. Eszeptizismoa beharrezkoa izan liteke gure lantaldeetan eta gure bizitzetan. Eta aukera zabala daukagu “ezer ez jakitea” eszeptizismoaren eta “edozer gauza da posible” sineskortasunaren artean.

Froga edo proba enpiriko nahikorik ez dakarren guztia zalantzan jartzen duen jarrera gisa; orain, horrela ikusten dut eszeptizismoa, umiltasunez eta errespetuz. Eszeptizismoa behin-behineko jarrera bat ere izan daiteke baieztapen batzuen aurrean, hots, behi sakratuak onartzen ez dituzten baieztapenen aurrean, ezta Eusko Jaurlaritzako Kudeaketa Aurreratuko Ereduari dagokionez ere. Berba greziar bat hartuko dut: Skeptikoi, hots, ikertzaileak edo bilatzaileak.

About Author

Isabel Fernández Hidalgo

Formadora, consultora y coach. Facilitadora en Aurrerabide.

Write a Comment

Your e-mail address will not be published.
Required fields are marked*