Herritarrak eta administrazio publikoak sarean: Paradigm(od)a eta joera digitaletatik…

Herritarrak eta administrazio publikoak sarean: Paradigm(od)a eta joera digitaletatik…

Paradigm(od)a eta joera digitaletatik…

Paperaren burokrazietatik burokrazia telematikoetara igarotzen ari gara; lehenengoan leihatilaz leihatila ibiltzen ginen, erromes, eta hainbat inprimaki betetzen edo betearazten zizkiguten pertsonak aurkitzen genituen; bigarrenean, berriz, leihatila birtualak ditugu, eta haietan geure izapideak geuk kudeatu behar ditugu (kasu askotan, bere horretan irauli dira paperetik “onlinera”, hizkuntza konplexu, ilun eta ulertezina eta guzti), beste izapide batzuk egitea ahalbidetuko diguten izapide batzuk egiteko, eta, azkenean, prestazio, zerbitzu edo diru-laguntzaren bat jaso edo faktura elektroniko bat bidali ahal izateko, odisea zibernetiko batetik igaro ondoren.

Administrazio publikoaren berrikuntzak badu zerbait kezkagarria: jadanik dauden prozesuak hobetuz aldaketak lortuko direla pentsatzea (paperak digitalizatzea => burokrazia2.0). Kontua da konplexuagoa eta nekezagoa dela birpentsatzea eta berriro hastea (denbora eta mentalitate-aldaketa), liburu zuri batean bezala, aurreko kortseetatik libre; herritarrekin sortuz (protagonistak, akzionistak eta erabiltzaileak), eta administrazioaren eraginkortasuna bilatuz, guztion baliabideak kudeatzen dituen baliabidea den aldetik. Dauden milaka adibideren artean, ikus dezagun hau, benetako bizitzatik hartua:

PDF bat bidaltzen dizut, inprimatu, sinatu eta posta elektronikoz eskaneatuta bidal diezadazun, NANaren kopia eskaneatuarekin batera; “oraindik” ez dugu sinadura elektronikoa onartzen.

Hau al da “digitalizatzea”? Hau al da “berritzea”? Burokrazia 2.0 da! eta NAN berriarekin… burokrazia 3.0?

Karga administratibo presentzialak eta birtualak ikaragarriak dira. Eta prozesuak benetan errazten baditugu? A! Kalitatea eta etengabeko hobekuntza modaz pasa direla jada… Eta administrazio elektronikoaz ari garela, zer moduz administrazioak haien artean konektatzen badira eta herritarroi baimena eskatzen badigute geure datuak trukatzeko eta zerbitzu eraginkorrak emateko? 30/1992 Legeak horixe bera xedatzen zuen-eta! Eta, legeak egin eta berregin ordez, borondate politiko eta teknikoa balego herritarrei aukera emateko edozein administraziotara joanda edozein zerbitzuren izapideak hasteko? Behar den teknologia eta gehiago ere badugu interkonexio horiek lortzeko. Eta, XXI. mendeko zerbitzu publikoak (bir)definitzerakoan, kontuan hartzen baditugu leihatiletan (ikusten, entzuten eta sufritzen) dauden pertsonak eta zerbitzu horiek erabiliko dituztenak? Eta, herritarrak gogaitu ordez, zerbitzu proaktiboak diseinatzen baditugu? Eta, erreferentziako esperientzietatik ikasten badugu? Ogasunak aspalditik ari dira gutxiagorekin gehiago egiten!

Mentalitateak aldatzeko eta erakunde publiko burokratikoen funtzionamendua eraldatzeko borondatea duten pertsonak behar ditugu, erakunde horiek aurreikusteko moduko egoera errepikakorrei erantzuteko pentsatuta baitaude. Beraz, erakunde buroGrazikoak lortu behar ditugu, harremanezko funtzionamendu profesionalari esker arazoak konpontzeko eta baliabide erkideak kudeatu eta birbanatzeko balio dutenak, bermeak emanez, (berdintasuna, segurtasuna eta objektibitatea) eta arintasunez eta eraginkortasunez funtzionatuz. EPEetako zein galdera eta probatan “balioztatzen” dira jarrera eta gaitasun horiek? Ez dut Hizkuntza Klasikoen ikasketarik egin, baina urteak dira erakunde publikoen errealitatea aztertzen ari garela, eta aldaketa sistemikoak proposatzen, unean uneko modari jarraitzen dioten izendapenak erabiliz (Criado y Ramilo, 2001). Teoriak ederrak dira. Ekingo diogu praktikari?

Benetako aldaketen praktiketara…

Ekin diezaiegun baliagarri zaizkigun ekintzei, laguntzen diguten eta pertsonen benetako arazoak konpontzen dituzten haiei, betiere giza eta oinarrizko eskubideak bermatuz, oso ondo jasota baitaude arau eta legeetan, errealitatera eramaten zailak diren arren, gizabanakook ez baditugu geure eguneroko harremanetan geureganatzen.

Horra hor gauzatu beharreko hamar metamorfosi. Ez da kontu berria. Dena dago esanda, irakurrita, entzunda, baita esperimentatuta ere!

  • Datuak, administrazioak eta gobernuak irekitzetik adimenak, borondateak eta bihotzak irekitzera: gogoan izan ditzagun kontzientziaren eta eraldaketaren maila sakon eta indartsuenak
  • Gardentasunetik, enpatiara: zeure ekintzek zeuretzat nahi zenukeena a isla dezatela
  • Independentziatik, interdependentziara: elkarren beharra dugu bizitzeko eta arazoak konpontzeko
  • Bulegoetatik, elkartzeko, lankidetzarako eta esperimentaziorako guneetara: presentzialetara, birtualetara edo mistoetara (auzo-autokudeaketa, herritarren laborategiak, hacklabs, novagob)
  • Bezero eta erabiltzaile izatetik, herritar errepublikanoak izatera: pertsona aktiboak, gauza publikoetan eta herri-ondasunen kudeaketan interesa dutenak
  • Diru-laguntzak ematetik, erraztasunak ematera: oztopoak kendu, jarduerak arindu, konfiantza eman, lankidetzan aritu, eta zehapenak jarri, ez-betetzerik baldin badago
  • Aurreikusi daitezkeen errekurtsoak administratzetik, aurreikusi ezin diren baliabideak eta beharrizanak kudeatzeko eragile-sareak dinamizatzera.
  • Alderdi-, hauteskunde-, eskumen- eta lurralde-ikuspegietatik, gobernagarritasuna lortzeko gobernantza-prozesuekin POLITIKAK egitera: ekintza publikoen gizarte-onarpena, arazoen konponbidean oinarritua, ez “marketing” hutsa diren edukirik gabeko hauteskunde-promesetan.
  • “Herritarren partaidetzatik” politika publikoen sareetara: prozesu guztian zehar arazoak konpontzeko giltzarri diren ikuspegi desberdin guztiak kontuan izaten dituzten politikak. Ez dira beharrezkoak 4.000 pertsona, edo betikoen bozketa elektronikoak, baizik eta orain hitzik ez duten ahotsak kontuan izatea, baita kontuan izaten ez diren errealitatearen begiradak ere (behaketa, jendea eta beharrizanak dauden lekuetan egotea, aktiboki entzutea…).
  • Teknologiaren fetitxetik, pertsonen zerbitzuko teknologiara

Gure erakunde publikoetan “antolakuntza-metamorfosi” askoren esperientzia dago. Berriro ere, pertsonak gara giltzarria, izateko eta gauzak egiteko modu berriak topatzeko dugun motibazioaz gainera. Ez gaitezen gelditu sistema noiz aldatuko zain! Gure jarrera alda dezagun, alternatiba sortzaile eta ilusio-pizgarriak eskain ditzagun, eta, horrela, pertsona-, lantalde- eta erakunde-sareak eraiki ditzagun jendearen eta naturaren arazoei eta benetako beharrizanei erantzuna emateko; azken finean natura da eusten gaituena.

Eta amaitzeko, Ángel Luis del Río nire lagunak oparitu zidan aipu zoragarri batekin amaituko dut. Irakurle maite hori, ea asmatzen duzun duela gutxi berrikusi den zein Lege “berritzaileri” dagokion. Ea 25 urte barru haren betetze-maila ebaluatzen den, eta administrazio publikoek betetze horretan nahiko bat lortzen duten.

“Askoren iritziz mugiezinak dira, baina teknika burokratiko formalistak, ustez berme-emaile diren arren, zaharkitu egin dira; hortaz, Legeak argi eta garbi irekitzen dizkie ateak administrazio-jardueraren teknifikazioari eta modernizazioari —ekoizpen juridikoari dagokionez—, baita berrikuntza teknologikoaren erritmoaren etengabeko egokitzapenari ere” [Erantzuna: Zioen azalpena, 5].

Horixe bada, dena esanda dago! Ekingo diogu lanari?

* Post hau Txus Imazi, Venan Llonari eta Iñaki Ortizi eskaintzen diet, erreferenteak izan direlako ikaskuntza, aldaketa eta eraldaketa pertsonal, organizatibo eta sozialaren bidean

About Author

Mentxu Ramilo Araujo

Profesional in(te)rdependiente. Directora de Estrategia Digital de novagob. Doctora en Ciencias Políticas y de la Administración por la UPV-EHU, especializada en políticas públicas y trabajo colaborativo.

Write a Comment

Your e-mail address will not be published.
Required fields are marked*