Bigarren belaunaldiko Administrazio Elektronikoa

Bigarren belaunaldiko Administrazio Elektronikoa

Duela ia 20 urte, zenbait guru-ikaslek, Informazio eta Komunikazio Teknologia Berriek eskaintzen zituzten aparteko aukerek inspiratuta, administrazio publikoa erabat elektronikoa izango zela iragarri zuten. Arrazoi izan zuten Internetek izan behar zuen eragin sozioekonomiko garrantzitsuan, baina orain Administrazio Elektronikoa deritzogunak eskatzen zituen ahaleginak eta eraldaketa-kostuak gutxietsi zituzten.

Erronkak arakatu eta gainditzeko historia honetan, berrikuntza teknologikoak (IKTB) ildo estrategiko berrien (BPP) sorreraz aberastutako modernizazio-formula baten protagonista izan dira, baita arau-markoaren egokitzapenaren eta erakunde barruko sentsibilizazio eta eraldaketa prozesu arinen protagonista ere.

Apurka-apurka, zerbitzuen digitalizazioaren eraginkortasunaren fruituak biltzen hasi da. Emaitza hauek estrategiaren zuzentasuna berretsi eta modernizazio-proiektuen jarraikortasuna errazten dute, berrikuntza teknologikoek eta aldian aldiko aurrekontu erabilgarriek bultzatutako aldaketaren hobekuntzan oinarrituta.

Hala ere, gaur egungo errealitatearen mugei behatzen dieten buru argi eta zorrotzek bidezidor berriak esploratuko dituzte, oraingo errezetekin lortutakoa gutxietsi gabe.

Gure eskumenak ezinbestez betetzean oinarritutako zerbitzu publikoak eraldatu eta zerbitzu publiko berritzaileak bihurtzeko erak ikertuko dituzte, balio publikoaren proposamen gisa. Gobernu mailako erakundeek ondo antolatutako ohiko kudeaketa-ereduak finkatzeko duten berezko inertzia, berrikuntzako eta zalantzagarritasunaren kudeaketako gaitasun profesionalen bultzada eta hedapenarekin bateratzen ikasiko dute. Negozio-ereduek (sektore pribatua) balioa publikoa sortzeko eredu berriak inspiratuko dituzte, eta horien barruan garatutako kode etikoak funtsezkoak izango dira, besteak beste, aliantza publiko-pribatuak gauzatzeko. Balio publikoa sortzeko eredu berri hauek aurrekontuekiko menpekotasuna gaindituko dute, bidezko monetizazio-formulen bitartez.

Gure erakundeek sortutako berezko entropia (egitura, fluxu, informazio eta abarren konplexutasunaren eta elkar-menpekotasunaren gehikuntza) kudeatzeko mekanismoak konfiguratuko dituzte. Kudeaketa-eredu egokiak sortuko dituzte baliabide erabilgarri mugatuak indartzeko eta ingurune ulertezin eta batzuetan arinaren aukera-pitzadurak profitatzeko. Irmotasuna, arreta eta jariatzea, besteak beste, borrokari eta ahaleginari nagusituko zaizkie, askoz ere erresistentzia handiagoa baitute higadurari aurre egiteko.

Lidergo parte-hartzailea (“auctoritas” batean oinarrituta) lortzeko gakoak ikertuko dituzte, plan estrategikoak pertsonak modernizazio-prozesuan lotu eta inplikatzeko moduko norabide batean eraldatzeko asmoz, oparotasun kolektiboko balio eraikitzaileekin bat egingo lukeen asmo noblearen zentzua berreskuratuz. Askotan, arrotzak suertatzen zaizkigu modernizazio-proiektuen azken helburuak, inora ez iristeko bideak besterik ez baitira (“Antolaketa arloko makillajea”).

Prozesu aurreikusgarrienen eta errepikakorrenen automatizazioa (erabat araututa dagoen eskakizun handiko jokaleku seguru bati lotuta) ardatz duen lehen belaunaldiko Administrazio Elektronikoaren egungo mugetatik harantzago ikertuko dute. Gaur egun, ahalegin handia egiten dugu gure erantzun-sistemari (laguntzak, eskaerak, baimenak, erregistroak…) ahalik eta gehien egokitutako eskaria lortzeko. Aurretik ezin suma daitezkeen eskaera desegituratuen aurrean (hutsegiteak, esternalitateak, gorabeherak, salbuespenak…), gure erreakzioa eskariaren kontrola areagotzea (arauak, jarraibideak, prestakuntza, gidalerroak…) izan da, gure harreman-sistemei adimen handiagoa eman eta Off-Roadeko Administrazio Elektronikoa (pertzepzioa, erantzuna, ikasketa, probabilitatee eta abarrei buruzko algoritmoak) dei genezakeen sistema batera hurbildu beharrean.

Administrazio Elektronikoa berritzea ez da soilik baliozko ideia onak izatea, gauzatzeko gaitasuna ere izan behar baita. Buru argi horiek erakundearen azpiegitura informala eta zokondo operatiboak ezagutzen dituzten buru eragileekin konektatzen jakingo dute.

Argi izango dute Administrazio Elektronikoa ez dela helburua, bitartekoa baizik, Erabateko Administrazio Adimenduna eraikitzeko ahaleginean (herritarrei eta bere eskumen-eremuko enpresei balio publikoa emateaz gain, erakundea eta kanpoko jarduketa-esparruak suspertzen jakingo duen administrazio publikoa). Administrazio Elektronikoa dagokion testuinguru estrategikoan jartzea izango da, seguraski, eraldaketa sozioekonomikoaren eraginetik salbu daudela uste duten administrazio publiko askoren zaharkitzapena saihesteko bide gutxietako bat.

Ekialdeko jakintsu handiak imitatu nahi gabe, Administrazio Elektronikoaren arloko buru argitsuen kolektiboari laguntzea proposatu nahi dizuet, Koan baten bitartez (Zen tradizioan maisuak dizipuluari planteatzen dion problema mota bat, aurrera egin ote duen egiaztatzeko. Koan problema absurdua, ilogikoa edo hutsala izan daiteke itxuraz. Argitzeko, dizipuluak pentsamendu arrazionala baztertu eta kontzientzia-maila jaso behar du, maisua benetan zer galdetzen ari den igarri ahal izateko, hitzen esanahi zehatzetik harantzagokoa baita.): Nolakoa da digitalizatutako zerbitzu baten fruituaren hazia?

About Author

Anton Queralt

Creador de espacios de revitalización de la acción colectiva. Más de treinta años modernizando organizaciones privadas y administraciones públicas, mediante las tecnologías del conocimiento, son la base para estar al servicio de una sociedad más saludable.

Write a Comment

Your e-mail address will not be published.
Required fields are marked*