Aurrerabidek partekatu eta talde gisa jardutea ahalbidetzen du

Aurrerabidek partekatu eta talde gisa jardutea ahalbidetzen du

“Eszeptikoak gara”; “oso zaila da ezer aldatzea, gure erakundeak denbora luzea darama gauzak modu berean egiten eta zaila da aldatzea”; “planifikatzea?, hemen dena egiten da egun batetik bestera. Gauza bat egiten ari zarenean, bat-batean dena utzi behar duzu beste gauza batzuk egiteko. Honek honela funtzionatzen du”. Jakina, hasieran eta talde gehienetan aurreikuspenak ez ziren oso baikorrak, baina zuzenak izatekotan, eta Jainkoaren mahastian gertatzen omen zen bezalaxe, bazegoen Aurrerabideri buruzko aurreikuspenez galdetutakoan, aldatzeko aukera egokitzat eta lau urtez behin gertatzen diren aldaketen gainetik gauzak sistematizatzen saiatzeko aukeratzat jotzen zuenik ere.

Itxura batean, Aurrerabideren hasierak ez zuen idilikoa izan behar, eta gutako inork ere ez zuen halakorik espero, besteak beste, egoera idilikoak filmetan eta fikzioan baino ez direlako ematen. Errealitatea arras bestelakoa da. Hala ere, munduko gauzarik xumeenak planteatu ziren lehenengo saioaz geroztik, gure Zuzendaritzaren eginkizuna edo nondik nora jo behar duen zehazteak, eta hain erraza dirudien baina inondik ere erraza ez den Ahulezia, Indar, Mehatxu eta Aukerei buruzko azterketa egiteak eguneroko jardunari aplika dakiokeen zeozer praktiko ikusteko aukera eskaintzen digute.

Nik neuk uste dut, prozesuan parte hartu duten talde askorentzat, Aurrerabide, elkartu, partekatu, talde gisa jardun eta Zuzendaritza baten menpeko Zerbitzu eta Atal guzti-guztiak katedral beraren osagaiak direla egiaztatzeko aukera ona izan dela, eta gerora begira halakoxea izaten jarraitzea espero dut. Bestela esanda, ez dagoela gerra nork bere kasa egiterik. Alferrik dela Zuzendaritza batek ziztu bizian jardutea, aldamenekoa motelago baldin badabil. Horren haritik, aitortu beharra daukat, Aurrerabide, nire sorpresarako, zuzendaritza-talde bakar baten antzera jarduteko lehen harria izan dela, dela eta, espero dut, izango dela. Zuzendari, zerbitzuburu eta atalburuen artean, jarraipena eta trukea egiteko aldizkako bilera bateratuak sistematizatzen hasi dira, den-denak Zuzendaritzaren helburu orokorrei dagokienaren jakitun izan daitezen, eta beste atal batzuei buruzko ikuspuntuak adierazteko aukera izan dezaten, nor bere zilborrari begira etengabe ibili beharrik gabe.

Aurrerabiden alderdi asko lantzen dira, eta denak dira garrantzitsuak. Baina baten bat aipatzekotan, pertsonena eta komunikazioarena nabarmenduko nuke. Giza Baliabideak delako izendapena behin-betiko baztertuko nuke, baita Pertsonen Kudeaketa ere, baina aukeran azken hau nahiago dut aurrekoa baino. Administrazio Publikoak, gainerako enpresek eta erakundeek bezalaxe, Pertsonekiko Kudeaketa gaineratu behar dutela uste dut, zinez uste ere. Hau da, Zuzendaritzetako profesionalak kudeaketan txertatzea, talde-lanaren bidez, prozesuen eta prozesukako kudeaketaren bitartez eta komunikazioa sustatuz. Hona hemen gakoetako bat: komunikazioa. Gogoan darabiltzagun helburuak eta lortzen ari garen emaitzak komunikatzea, ekin beharreko hobekuntzak barne… komunikatzea eta Pertsonak kontuan hartzea.

Proiektua abiarazi eta urtebete geroago, partehartzaileek aurrera egiten jarraitzen dute, nork bere erritmoan, baina aurrera etengabe. Ziur nago, azkenean, Jean Cocteau idazleak esan zuena errepikatu ahal izango dugula: “lortu zuten, ez zekitelako ezinezkoa zela”. Baina Cocteauk ez zekien, Euskal Administrazio Publikoak bazekiela egin zitekeela, eta horregatik ekin ziola Aurrerabide jorratzeari.

About Author

Write a Comment

Your e-mail address will not be published.
Required fields are marked*