Aurrerabide zirrikituetatik

Aurrerabide zirrikituetatik

Dagoeneko, artikulu anitz idatzi dira Aurrerabide programaren onurak nabarmenduz. Gaurkoan nire ikuspegi eta bizipen pertsonala kontatuko dizuet.

Irakasle edo bideratzaile bezala hautatua izan nintzenetik prozesu konplexu bezain sakonean murgildu ginen. Hasieran ez nintzen ohartu zein puntutaraino sakona.

Bidelagun, DACIMA, inoiz lehenago entzun gabeko Lakuako zuzendaritza, IVAP eta EUSKALIT.

Hasieratik elkarlana gailendu zen eta sendo egin genuen lan lehen edizioan, egin ere. Ia dena sortzeke zegoen, dokumentazioa, lan dinamikak … Funtzionatuko ote zuen jakin gabe, gero eta gehiago jabetzen ginen gugan hartzen genuen erantzukizunaz, proiektuaren dimentsioaz. Honekin batera, jakinmina, urduritasuna, ilusioa …

Bideratzaileok, urte askoan erakunde publiko eta pribatuetan jardun izan dugun arren (eta oraindik horretan darraigu), ezin jakin nola erantzungo zuten talde desberdinetako zuzendaritzek, partehartzaileek azken finean. Lehen saioak erabakiorrak izan ziren hau kalibratzeko eta hasieran kudeatzaile eta bideratzaileon artean jarraipen bilera ugari egin genituen prozesua doitzeko eta hobetzeko.

Ordutik eta gaur egunerarte, prozesuaren 3. urtean edo edizioan sartu gara eta tarte honetan jende asko pasatu da Aurrerabideko programaren Egiten Ikasi saioetatik.

Nire ikuspegia eta sentsazioak ere aldatzen joan dira.

Egunotan, Gasteizera hurbiltzen naizenean behe laino trinkoan murgilduta heltzen naiz hirira. Sarritan, eguzkiaren indarrak lainoa xehetu eta gauzek eta pertsonek bere forma berreskuratzen dute. Bestetan aldiz, egunak goibel eta hotz egiten du aurrera.

Gauza bera gertatzen zait Egiten Ikasiko taldeekin. Talde batzuetan, hasiera zaila izan zen arren, denborak aurrera egiten duen ahala, dinamika politak sortu izan dira eta zuzendaritza batzuek ikusi dute non eta nola jarri indarra egindako ahaleginari etekinak ateratzeko. Lan ohitura eta jarduera berriak sortzea lortu dute, eraginkorragoak.

Beste talde batzuetan, ordea, egoerak eta barne-funtzionamendua dela eta, eszeptizismoa nagusitzen da. Hauetariko askotan, arduradunen lidergo falta, jarrera eta portaerak, arrazoi garrantzitsua izaten dira.

Kasu hauetan, lana askoz ere neketsuagoa izaten da eta erronka handiagoa.

Halere, eskarmentuaren eraginez, lainopetik irtetzeko nire “itsasargia” aurkitu dudala uste dut.

Zuzendarien inplikazioa oso garrantzitsua den arren, Zerbitzu Buruak dira, nire ustez, aldaketaren gakoa. Hauek ematen diote legegintzaldietako gorabeheren aurrean zuzendaritzari egonkortasuna eta egitura. Hauek dira barne kulturaren bultzatzaile eta zaindari.

Badakit beraien lana konplexua dela. Zubi lanak egitea ez da erraza izaten. Negoziazioa, talde dinamizazioa, prozesuak eta komunikazio eraginkorra bezalako gaitasunak ezinbestekoak izango dira beraien lana aurrera ateratzeko; ikuspegi estrategikoarekin lerrokatuta eta egunerokotasunean kalitatezko zerbitzua eskainiz.

Urte hauetan asko ikasi dut (edo hala uste dut nik behintzat) eta nire helburuak taldeekiko ere, aldatu egin dira. Hasieran, egitaraua betetzea, saio artean egin beharreko lanak zehatz eta sasoiz jasotzea, denek erritmo bera jarraitzea, emandako txantiloiak erabiltzea … toki garratzitsua zuten prozesuaren arrakastarako.

Hurrengo edizioetan, aldiz, pisua ERABILGARRITASUNEAN jarri dut. Argi eta garbi, prozesuaren azken helburua, norberaren errealitatera egokitzen diren estrategiak eta tresnak eskaintzea da. Honek nire aldetik, egokitze lana eskatzen du, personalizatzea emandako arreta. Beraz, bideratzaile bezala, nire rola askoz malguagoa beharko du izan, hurbilekoa. Honetarako beste erronka bat: partehartzaileen konplizitatea lortzea eta beraien ikaste prozesuaz jabetzeko konpromisoa.

Nik kanpotik ahalegin ugari egin ditzaket baina partehartzaileek dute protagonismoa, beraien esku gelditzen da erabakitzea zer landu eta nola. Bidea beraiek ibili behar dute eta nik tresnak eskaini hau ahalik eta ondoen egiteko.

Eta horretan dihardugu … lainoen azpitik eta sasien gainetik.

About Author

Aurkene Redondo Ikazuriaga

Aurrerabideko bideratzailea / Facilitadora de Aurrerabide

Write a Comment

Your e-mail address will not be published.
Required fields are marked*