Aurrerabide, katedral bat eraikitzeko zimenduak

Aurrerabide, katedral bat eraikitzeko zimenduak

Bada adibide bat behin eta berriz errepikatzen dudana hitzaldietan, ikastaroetan, mintegietan edo enpresa-ezarpenetan: hiru harginen alegoria. Uste dut Aurrerabiden ez dagoela talderik hori kontatu ez diodanik, ezta alegoria horri buruzko aipamenik egin ez dudan saiorik ere. Eta egiten badut, hala behar duela uste dudalako da; nolanahi ere, baliteke oker ibiltzea.

Badaezpada ere, ondoren azalduko dut alegoria, norbaitek oraindik ere ez baldin badaki-edo: “Ibiltari batek harri zulatzen zebilen gizon bat aurkitu zuen; zertan zebilen galdetu, eta harri zulatzen zebilela erantzun zion besteak. Hogeita bost metro aurrerago, beste hargin bat aurkitu zuen, aurreko harriaren berdin-berdin bat zulatzen;  zertan zebilen galdetu, eta gurutze bat zizelkatzen zebilela erantzun zion bigarren harginak. Hogeita bost metro aurrerago, beste hargin bat aurkitu zuen, aurreko harrien berdin-berdin bat zulatzen; zertan zebilen galdetu, eta katedral bat eraikitzen zebilela erantzun zion hirugarren harginak”.

Pertsonekin Kudeatzearen helburua (utz dezagun betiko Giza Baliabideen kudeaketa) hau izan behar da: guztiek senti dezatela katedral bat eraikitzen ari direla. Eta berdin gertatzen da leku askotan: industria-enpresa batean, zerbitzu-enpresa batean, administrazio publikoan, eskola batean eta osasun-zentro batean. Berdin dio, berdin-berdin. Erakundeko pertsona guztiek ondo jakin behar dute ezinezkoa dela katedrala eraikitzea haien ekarpenik gabe. Pertsona guztien ekarpenik gabe, osatu gabe geratuko da katedrala: harriren bat faltako da lekuren batean, beirate bat beste lekuren batean, edo arku batean jarri beharreko argi bat. Pentsa liteke alderdi hutsalak direla horrelako garrantzia duen obraren handitasunaren barruan, baina katedrala ez da osatuta geratuko.

Hona iritsita, hargin maisuak aipatu behar ditugu, erakundeko liderrak, beste pertsona batzuen gaineko erantzukizuna duten pertsonak. Pertsona horiek katedral bat eraikitzen ari direla jakin behar dute, eta horretaz ohartzen laguntzea da liderren zeregina. Konpromisoan oinarritutako liderrak izan behar dira, eredugarri izateko gaitasuna dutenak, honako hauetan oinarrituta: komunikazioa ahalbidetzea, entzuteko gaitasuna izatea, parte-hartzea sustatzea eta erabakiak hartzea beste batzuen esku uztea. Zaila da inori zerbait eraiki dezala eskatzea, zer helburu lortu nahi diren ere ez baldin badaki. Eta hemen ez dago dena ziurtzat jotzerik. Ez da ezer eman behar, ez aurrera ez atzera geratzeko lehen urratsa baita.

Horren  haritik, Aurrerabide tresna indartsua eta baliotsua da  EAEko Administrazio Publikoan lan egiten dutenak jakitun izan daitezen katedral bat eraikitzen ari direla. Edozein dela ere erantzukizun-maila edo lana, EAEko herritarrentzako zerbitzua osatu gabe geratuko da egunero harria zizelkatzen ari diren pertsona guztien konpromisorik gabe.  Baina esatea ez da nahikoa: gauzatu egin behar da.

About Author

Write a Comment

Your e-mail address will not be published.
Required fields are marked*