Administraziotik kontzientziatzea eta herritarren partaidetzarako esparruak sortzea

Administraziotik kontzientziatzea eta herritarren partaidetzarako esparruak sortzea

Gobernuak aurkeztutako Liburu Zuria eta bereziki Administrazio Publikoaren Lege-aurreproiektua benetako erronka bilakatu dira herritarrak gobernuaren zereginetara erakartzeko moduari dagokionez. Erronka konplexuak dira, erretorika handia baitago oraindik herritarren partaidetzari buruz. Praktikan, korronte nagusiak ez dira ildo horren oso aldekoak, eta ez soilik erakundeen mesfidantzagatik, baita herritarren nolabaiteko pasibotasunagatik ere. Honen haritik, behar-beharrezkoa da erakundeek partaidetza hori premiazkotzat jo eta horren aldeko arautze-prozedurak antolatzea. Hau funtsezkoa da, baina aldi berean, ezinbestekoa da Administraziotik herritarrak konbentzitzea, prozedura horien bidez politika publikoen formulazioan parte hartzea senezkoa eta zentzuzkoa dela. Egia esanda, hauxe dugu giltzarrizko erronka.

Kontzientziazio-lan hau oinarri-oinarrizkoa da, baina aldi berean, zailtasun handi-handikoa, historiak ondo frogatuta utzi baitu herritarren protagonismo politikoa (hauxe dugu helburua) nekez sortu ohi dela gobernarien ekimenez. Behin ere ordeztu behar ez den gizarte zibilaren altzotik sortu ohi da.

Nolanahi ere, Administrazioak partaidetza-prozesu hauek abian jartzeko bere gain hartu duen erronka, demokraziaren garapenari buruzko ikusmolde sakonago eta trinkoago baten ildotik iritsi da.

Honela, demokrazia, gobernarien eta gobernatuen arteko lankidetzazko nahiz gatazkazko harreman edo esparru publikoen multzo jakin bat biltzen duen erregimen politikotzat ulertu behar da. Harreman edo esparru publiko horiek aldian-aldiko edo behin-betiko baldintzak sortzen dituzte herritarrek egitea erabakitzen dutenaren eta gobernariek erabakitzen dutenaren arteko bat-egitearen mesedetan. Bestalde, esparru publiko horien garapen egoki eta elkarren osagarriak bat-egite hori lortzeko beharrezko eta behar besteko baldintzak sorrarazten ditu.

Ordezkaritza bidezko demokrazia aurrerapausoa dugu, zalantzarik gabe (gobernariak aukeratzen dira, behinik behin), baina hauteskunde bidezko demokraziak ez du inondik ere sortzen -ezta horretarako asmorik izan ere- interes eta talde desberdin horiek planteatutako nahiak eta eskakizunak planteatzeko eta berdin-berdin kasu egin, interpretatu eta, ahal den neurrian, aintzakotzat hartzeko balio izango duen esparrurik.

Proposamen demokratiko honen arabera, Udalek gaur egun bultzatu eta Jaurlaritzak beste maila batera jaso nahi dituen partaidetzarako esparru eta prozesuen helburua, eragile sozialek eta herritar xumeek erabakitze-esparruan parte hartzeko erabili ohi duten bidea erregulatzeko arauak ezartzea da. Partaidetza horren baldintzak egokiak diren heinean, demokrazia gehiago dagoela esan ahal izango dugu.

About Author

Pedro Ibarra

Catedrático de la UPV-EHU, especializado en el ámbito de las ciencias sociales y fundador y director del grupo de investigación universitario Parte Hartuz.

Write a Comment

Your e-mail address will not be published.
Required fields are marked*