Orain dela bi aste, EHUren uda-ikastaro batean parte hartu genuen; hain zuzen, «Ustelkeria politikoaren aurkako borroka: estatuaren eta herritarren tresnak» gaiari buruzkoan, non aukera izan genuen beste behin ere egiaztatzeko zein konplexua den, eta zein hedatua dagoen, ustelkeriaren fenomenoa, bai eta zenbat kezkatzen dituen herritar eta erakunde demokratikoak ere.

Hainbat aditu entzutetsuk heldu zioten arazoaren diagnostikora hurbiltzen gaituzten elementu nagusiei, bai eta haren soluziobide posibleei: besteak beste, Teresa Medina Arnaizek (kontratazio publikoko ustelkeriari buruzko aditu analista); Jesús Lizcano Álvarezek (Espainiako Transparency International erakundeko presidentea, eta gardentasunak ustelkeria kontrolatzeko duen zereginaren inguruan hainbat artikulu idatzi dituen idazlea –erakunde horrek ustelkeriari buruzko adierazleak prestatzen ditu, nazioarte-mailan–); Manuel Villoria Mendietak (politika-zientziako katedraduna, erakundeen zintzotasunari eta kalitateari buruzko alorretan aditua); eta Jose María Tomás Tíok (Justiziaren aldeko Fundazioaren presidentea –ustelkeriaren aurkako herritarren plataforma bat da–, magistratua eta Ustelkeriaren Aurkako Gizarte-zibila ekimenaren sustatzailea –ekimenak 99 proposamen aurkeztu dizkio gizarteari; hainbat arlotako eta alderdi jakin bati lotu gabeko 28 adituko talde batek prestatu dituzte, USTELKERIAREN AURKAKO ITUN NAZIONALA sinatzeko helburuarekin. Publikoki, 2015eko abenduaren 9an izenpetuko da; hau da, Nazio Batuek Ustelkeriaren aurkako Nazioarteko Egun gisa izendatutako egunean–)

Dagoeneko ez du inork ere jartzen zalantzan arazo bat dagoela: eskupekoen, eragimen-trafikoen edota kontratazio publikoetako lehia askeko arau-hausteen bitartez, ustelkeria aktiboak nahiz pasiboak larriki distortsionatzen du merkatua eta, orotara, milioi askoko galerak eragiten ditu Europar Batasuneko herrialdeetan; izan ere, kontratazio publikoak BPGaren % 19 hartzen du barruan.

Horrez gain, demokraziarekiko gaitzuste eta asegabetasun handia sortzen du herritarren artean. Hala, diputatu gehienek usten badute ere ezen, erabakiak hartzeko garaian, aintzat hartzen dutela herritarren iritzia, lautik hiru espainiarrek uste dute Legebiltzarrak ez dituela ordezkatzen, Kongresuaren lana gaitzesten dute, eta uste dute diputatuek ez dutela zintzotasunez jarduten. 2013ko Eurobarometroak hau islatzen du: espainiarren % 77k eta europarren % 67k uste du herrialdeko negozio-kulturaren parte dela ustelkeria; % 84k eta % 73ak, hurrenez hurren, eroskeria eta harremanak direla zerbitzu publikoak lortzeko modu errazena; eta % 67k eta % 59k, lotura politikoak izatea dela negozioetan arrakastatsu izateko modu bakarra.

Nazio Batuen arabera: «gizarte-, politika- eta ekonomiaren-alorreko fenomeno bat da ustelkeria eta munduko herrialde guztiei eragiten die. Testuinguru desberdinetan, ustelkeriak kalte egiten die erakunde demokratikoei, ekonomiaren garapena moteltzen du eta egonkortasun politiko eza eragiten du». Horiek horrela, 2003an, Ustelkeriaren aurkako Nazio Batuen Konbentzioa sinatu zen, eta kanpaina bat abiarazi, honelako izenburuen pean: « % 0 ustelkeria, % 100 garapena» edota «Hautsi ezazu ustelkeriaren katea». Orobat, ustelkeriaren aurkako nazioarteko egun gisa izendatu zen abenduaren 9a.

Adituek adierazi dutenez, gardentasunean, parte hartzean eta lankidetzan oinarritutako gobernu irekiek erakundeen kalitatea bermatuko duten zintzotasun-esparruak eratzen lagunduko dute, teknologiaren laguntzaz. Eragileak honako hauetara behartuko dituzten arau eta mekanismoak behar dira: besteak beste, beren ekintza eta erabakiak justifikatzera; kritikei erantzuna ematera; arau- eta konpromiso-hausteen ondorioak beren gain hartzera; gero eta konplexuagoak diren gizarte-arazoen irtenbideak bilatzean, herritarrei etengabe entzuteko prest egotera eta herritarren parte-hartzeari irekitzera… Hala deritze inkestatutako espainiar gehienek ere, Espainiako gobernu irekiaren eskaera eta erabilerari buruzko azterketan islatu moduan: izan ere, % 77ri iruditzen zaio neurriok gure erakundeen eraginkortasuna hobetuko lukeela; eta % 70i, gobernuarekiko uste ona itzuliko lukeela.

Dena dela, adituek ondorioztatu zutenez, hori guztiori ez da nahikoa. Jose María Tomás Tío magistratuak honela amaitu zuen bere hitzaldia: «gizarte-zibil aktibo eta ernerik gabe, ez du ezerk funtzionatzen. Orain, benetan rol nagusia hartu behar du gizarte-zibilak … Halaber, ustelkeriaren aurkako borrokan, ezinbesteko dira hedabideak…Baina, ustelkeriaren aurkako eta gizarte prestu bat eraikitzeko 99 neurri izan ditut oraino hizpide, eta oraindik ez dizuet esan zein den proposatzen dugun 100. neurria. Ehungarrena da garrantzitsuena, norberak hartu beharreko erabakia da-eta: hain zuzen, jarduteak merezi duela. Ehungarren proposamena, nork berea idatzi behar du.